Euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko dei egin dio Unai Ziarretak Zapaterori Euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko dei egin dio Unai Ziarretak Zapaterori

Udazkenetik aurrera autodeterminazio eskubidea eztabaida politikoaren ardatz izatea nahi du Eusko Alkartasunak. Areago, uda ostean eratuko den alderdien mahaira erabakitzeko eskubidearen inguruko «estrategia bateratua» eraman nahi du EAk, bere ustetan hori baita normalizazio politikoa gauzatzeko bidea. Hala adierazi zuten atzo EAko idazkari nagusi Unai Ziarretak eta alderdi horretako Komunikazio arduradun Onintza Lasak. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuten biek, amaitu berri den ikasturte politikoaren balantzea egiteko.

Ziarretaren esanetan, bake eta normalizazio politikorako bidean martxoaren 22ko data mugarri izan da, ETAk su-etena iragarri izanak alderdiek bake bidean urratsak egitera behartu dituelako. Su-etenak irekitako egoera politiko berrian, Espainiako Gobernua eta ETAren arteko elkarrizketak bere bidea egin behar duela, eta alderdiek elkarrizketa mahaia udazkenerako eratuta izan beharko dutela iritzi zion EAko idazkariak.

Ildo horretan, alderdien mahaiak egin beharreko lanaren inguruan mintzatu zen bereziki. Adierazi zuenez, autodeterminazio eskubidea defendatzen duten alderdi guztiek eskubide horren inguruko «gutxiengo eskema» adostuta eraman beharko lukete mahai horretara, Espainia eta Frantziako Estatuen aurrean eskubide horren defentsa «indar handiagoz» egin ahal izateko.

Ziarretak azpimarratu zuenez, Espainiako eta Frantziako gobernuek eskubide hori aitortzea ezinbestekoa izango da epe ertain batean Euskal Herriko normalizazio politikoa lortu nahi bada. Horregatik, elkarrizketa mahaian eskubide hori nola gauzatzen den hitzartu beharko dute alderdiek, EAko idazkariaren ustetan.

Hala ere, Ziarretak ohartarazi zuenez, euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea ezin da marko legalaren menpe egon. «Esparru juridikoa ezin da herri borondatearen gainetik jarri sekula», esan zuen. Hori horrela, euskal herritarrek egungo esparru juridiko-politikoa gainditzea erabakiko balute, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak erabaki hori errespetatu baino beste aukerarik ez lukeela izango iritzi zion. «Kontrakoa eginez gero, ordea, gatazka politikoak bere horretan jarraituko luke», esan zuen. Hartara, Zapaterori dei egin zion argitu dezan Espainiako Estatuaren ala euskal herritarren erabakia errespetatuko duen.

LEGEBILTZARREKO JARDUNA. Alderdien mahaira ez ezik, Eusko Legebiltzarrera ere autodeterminazio eskubidearen aldeko ekimena eramango du Eusko Alkartasunak. Hain zuzen ere, EAk proposatuta, Montenegroko autodeterminazio eskubideari buruzko legez besteko proposamena eztabaidagai izango du ganberak udazkenetik aurrera. Ekimen horren bitartez alderdiaren helburua da 1990. urtean egin legez, oraingoan ere Eusko Legebiltzarrak eskubide horren aldeko adierazpena onartzea.

Onintza Lasak nabarmendu zuenez, Euskal Herrian irekitako prozesu politiko berriak isla izan du Legebiltzarrean ere, besteak beste, alderdien artean adostasunak erdiestea posible delako. «Alde batera utzi da PP-PSOE itunaren estrategia zurruna, eta zorionez beste adostasun bideak zabaldu dira eta taldeen arteko komunikazio zubiak eraiki dira». Hala ere, harreman horietan PP «bakarrik» gelditzen ari dela esan zuen.

Talde parlamentarioen arteko harremanen hobekuntzaren ondorio da, Lasaren esanetan, Legebiltzarrak onartu dituen hiru lege: aurrekontuena, lurzoruarena eta urarena. Beste bost lege berri ere onartzeko daudelako pozik agertu zen EAko burua.

Jatorria: Unai Ziarreta