Aurten Bizkaian ospatuko diren ekitaldi handietan segurtasuna eta lan baldintza duinak beteko direla Aldundiak bermatu ditzan defendatu du Endika Montesek gaurko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. Osalanek eta lan ikuskaritzak kontratatuko diren pertsonen jarraipen berezia egitea proposatu du Montesek, baina Gobernuko alderdien eta PPren ezezkoa jaso du.

Montes, EH Bilduko batzarkidea eta EAkideak gogoratu duenez, MTV sarietan bakarrik 200 pertsona egongo dira BECen lan egiten 14 egunetan zehar, eta segurtasun baldintzak beteko direla eta kontratuak duinak izango direla bermatu dadin eskatu du.

Era berean, “Bizkaia marka presente dagoenean, klausula sozialak ezarri” behar direla esan du, “Aldundiak babesten dituen ekitaldietan eta antolatzen dituenetan baldintzak berdinak izan behar direlako”. Eta, azkenik, Diputazioak konpromisoa har dezan berak antolatutako ekitaldietan tokian tokiko enpresa txikien produktuak erabiltzeko eskatu du Montesek, bertako ekonomia sustatzeko.