Aurkeztu berri diren 2020 urterako aurrekontuetan Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko Udalentzako dirua jartzeko eskatu du gaurko Eusko Jaurlaritzako Kontrol Osoko Bilkuran Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak. Aurrekonturik gabe, Legea ezertan geratzen dela salatu du Jaurlaritzak aldaketa klimatikoaren gaian duen konpromisoa zalantzan jarri duen Pinedok.
Mikel Otero bere taldekideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuari planteatutako galdera egin du Pinedok Osoko Bilkuran, eta taldeek Legea betetzeko 541 milioietako inbertsioa beharrezkoa zela onartu zutela gogoratu du. Horietatik zati handi bat, Udalek jarri behar dute, eta horretarako 100 milioiko tresna ekonomikoa jarriko zela adostu zen.
Hala ere, Aurrekontuen proiektuan ez da diru konpromisorik agertzen, “nahiz eta Legea onartu zenetik, otsailean, hona hori egiteko denbora izan den”, azaldu du legebiltzarkideak. Eta kezkagarriagoa dena, “orain 100 milioiak urte batzuetarako direla esateaz gain, etorkizunerako planteamendurik ez da ikusten horren garrantzitsua den gaian”.