Martin Aranburu Carrera Kataluniako estatutuaren prozesuaren azken urratsaren inguruan analisi asko egin daitezke. Abstentzio itzela dela, baiezkoaren kopuru handia dela, ezezkoaren porrota dela, boz nuluen datua esanguratsua dela… Aukeran, nahi dugun aldagaia hartu eta luzaro egon gintezke berba eta berba.

Bi gauzatan erreparatzea nahi nuke zure arretak, irakurle hori. Parte-hartzea batetik eta abertzaletasunak aurrerantzean duen egoera bestetik.

Abstentzioak harridura sortu omen du. Neurri handi batean ulergarria gerta dakidake harridura baldin eta euskal politikagintzako begiekin aztertzen badut. Ziur izan kataluniarrentzat ez dela datu harrigarria izan. Ezta gutxiagorik ere. Hemengo politikaz apur bat arduratua dagoen edonork pentsa lezake nola litekeen hainbestek paso egitea eta bozkatzera joan nahi ez izatea. Berriz diot: hemengo politikagintzan ulergaitza dena han logikotzat jotzen da. Gizarte zibilaren eta klase politikoaren arteko distantziak erabakitzen du gizarte baten parte-hartzea prozesu politikoetan, bestelako kuestio garrantzitsuak badaudela onartuta ere. Han izan edo hemen izan. Katalunian itzela da distantzia hori. Euskal Herrian baino askoz ere handiagoa. Edozein alderdi politiko hartuta ere, eskuina edo ezkerra, espainolismoa zein independentismoa, konfi- antza txikia dute kataluniarrek politikariengan. Estatutuaren prozesuarekiko atxikipen urriak distantzia handi horrekin du erlazioa. Ez dute prozesu erakargarritzat jo kataluniar askok; izan ere, aspaldian baitzekiten prozesuaren amaiera zein izango zen: betikoen arteko akordioa betiko emaitzarekin.

Abertzaletasunaren egoera kaskarrak orain arte azaldutakoarekin ere badu erlazioa. Aldaketa garaiak omen zetozen. Kataluniako politikariek duintasunez herria ordezkatuko zuteneko garaiak. Elkarrizketaren eta adostasunaren garaiak. Betiko eta betikoen politikak gibelera pasatu eta eredu eta lan modu berriak ezagutuko ziren garaiak. Eta aldaketa horrek motor garbia izan behar zuen: kataluniar duintasunaren eredu izango zen abertzaletasuna. Estatutuaren negoziazioa izango zen, antza, politika egiteko modu berri horren adibidea. Halere, ilusio horren lehendabiziko kolpea ez zen Zapatero, Mas eta Duranen arteko argazkiaren ondorioz Kataluniako Legebiltzarrean hartu zen argazkiaren kausaz baizik. Nola zen, bada, posible estatutu berri batean ERC eta PSOE alderdiak ados jartzea, bietako batek Kataluniako erroko arazoei uko egin gabe? Argazki horrek eman zion jende askori lehenengo kolpea. Betikoaz hitz egiten baitzen berriz ere, betikoen artean. Ezer ez zen aldatu.

Bertako esaera batek dioen bezala tornarem a vèncer. Egunen baten, berriz, irabazi egingo dugu.
Jatorria: Martin Aranburu