Martin Aranburu Carrera. Legebiltzarkidea

Askotan aritu izan naiz hedabideek herri baten kontzientziaren eraikuntzan duten garrantziaz: albisteak azaltzeko modua; protagonisten izen-abizenak gaztelaniaz edo berezko hizkuntzan azaltzea, benetako jatorria nabarmenduz albiste negatiboa bada, edo ezkutatuz zentzu positibokoa bada… Olinpiadek aukera paregabea ematen dute Espainiako telebisten lotsagabekeriaren makina adibidez jabetzeko eta, neurri berean, espainiarren kirol maila eskasaz jabetzeko ere.

389 kirolari joan dira Atenas aldera Espainiako ordezkari legez. Horietako 88 kataluniarrak dira (Valentzia eta Balear Uharteak barne hartu gabe), eta 34 euskaldunak: %35, beraz. Ez dago txarto, ez da? Baina datu hori baino esanguratsuagoak badaude. Errepara diezaiogun Espainiako belar gaineko hockeyaren gizonezkoen selekzioari: Alberto Esteban, Alex eta Francesc Fabregas, Santi Freixa, Marc Garcia, Rodrigo Garza, Bernardino Herrera, Jaume Perez, Pau Quemada, Eduard Aguilar, Ignaci Alborch, David Alegre, Ramon Alegre, Pol Amat, Xavier Bruses, Miquel Codina, Francesc Cortes, Joan Escarre, Xavier Ribes, Albert Salo, Josep Sanchez, Victor Sojo eta Eduard Tubau. Euskaldun bat, bi espainiar, eta kataluniarrak gainerakoak. Hori omen da Espainiako selekzioa. Baina, noski, kirol horren norgehiagokaren bat ikusteko aukera baduzue, telebistako esatariak ez du behin ere kataluniar hitza aipatuko; behin eta berriz «español» adjektiboa gure belarrietara helaraziko du. Lotsa pixkat, hi!

Egia da belar gaineko hockeya kirol nabarmenena dela espainiarrak ez diren kirolarien parte hartzeari dagokionez. Baina, era berean, azpimarra genitzake waterpoloa, eskubaloia, emakumezkoen hockeya, eta beste hainbat. Jakin badakit, gure egoera politikoaren ondorioz, Espainia ordezkatzen dutela gure kirolariek, baina esatariek jarrera profesional etikoa izan behar lukete, nire ustez; Espainiako ikusle guztiei oso argi jakinarazi beren selekzioak zein kirolarirekin osatzen diren, behinik behin, gure burua espainoltzat ez dugunok apur bat gusturago egon gaitezen olinpiadak telebistatik ikusteko garaian.

Kirol mailari erreparatuz, erreflexio txiki bat luzatu nahi nuke: 389 ordezkari horietatik kendu euskaldunak, katalanak, galiziarrak eta espainiar nazionalitatea lortu duten errusiar ohiak edo afrikar ohiak. Zenbat domina lortzen dituzte espainiarrek? Olinpiadak bukatuta ikusiko ditugu datuak, baina hogeita hamar milioi biztanle dituen herri batentzako kopuru lotsagarria. Izan ere, kirolaren inguruan dagoen mentalitate atzeratuaren isla baino ez da, horren ondorioz izaten baitira kirolarientzako diru laguntzen eta instalazioen kopuru eta kalitatea. Inbertsio horiek ematen dituzte dominak; ez, ordea, prentsaren bidez herri bati Espainia beti faborito dela behin eta berriz errepikatuta. Egunen batean ikasiko dute. -

Jatorria: Martin Aranburu