Gorka Knörr

Epaileak Egunkariako 5 lagun presondegira eraman eta besteen aurka hartu dituen neurrien aurrean, berriro esan behar dugu Audientzia Nazionalaren jokaera, neurrigabekaria, aberrazioa eta basakeraia judizial bat izateaz gain, onartu ezinezko erasoa dela, adierazpen askatasunaren eta informazio-eskubidearen ikuspegitik.

Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, eta beronen arduradunen aurka abiatu diren jarduketak, oso esparru konkretu baten kokatu behar dira. Aznar-en gobernuaren eta zenbait komunikabideren presioaren inguruan, batetik, eta, bestetik, espainiar gobernuak euskal abertzaletasun kontra daraman inkulpazioaren estrategian, Euskadiko arazoari irtenbide bat eman ahal izateko gai ez dela aitortu nahi ez duelarik. Ingurumari horretan, eta Espainiako estatuan geroago eta jende gehiago kontra duela konturatuta, Aznar-ek, Audientzia Nazionala lagun zintzo duela, berriro ere atera nahi izan du euskal abertzaletasunaren mamua, terrorismoarekin nahastuz, bere lotsagabekeria guztiak estaltzeko, eta kupida gabe euskal hiritarren eskubideak, berriro ere, zanpatuz.

Baliteke denbora luze baino lehenago Egunkariako arduradunak kalean egotea, bainan, beste askotan gertatu den gisan, Aznar-en gobernutik eta bere menpe dauden hedabideetatik makina bat irain, injustizi eta neke jasan ondoren, eta bere burua demokratikotzat duen sistema batek bere-bere dituen baloreak, hala nola errugabetasun-presunzioa, botereen arteko bereizketa, eta oinarrizko eskubideak diren adierazpen askatasuna eta informazioarako eskubidea errespetatu ez direlarik.

Ez gara zentzugabeki ari. Oso denbora laburrean, gauza larriak gertatu baitira asuntu honen inguruan. Esaterako, Egunkaria ixtea suposatzen duen auto bat eskura ematen zaie Martxelo Otamendiri eta Joan Mari Torrealdairi, atxilotu eta inkomunikatzen dituzten memento berean. Epaileari eta goardia zibilei nekeza gertatzen bide zitzaien sikeran kopia bat senideen esku uztea. Eta nola demontre errekurritu daiteke delako auto hori, atxilotuek ezezik inork ezagutzen ez duen auto bat, hain zuzen? Autoa, azkenean, Iñigo Iruin-ek lortu baitzuen, berak eskatuta, Audientzia Nazionalean bere klienteei ofiziozko abokatu bat egokitu zaiela jakin ondoren. Non gelditzen dira, bada, berma juridiko eta prozesalak?

Asunto larri batez ari gara, beraz, ebazpen judizialak oinarrizko eskubideak ukitzen dituelako, hala nola Konstituzioaren 24 artikuluak jasotzen duena, babes judizial efektiboaz diharduenean, eta, bidenabar, Giza Eskubideeen aldarrikapenaren 11. atalean jasotzen direnak, hau da, errugabetasun-presunzioa eta defentsarako garantiak.

Legearen errespetatzaileak?

Pertsona batzuen egoera gora behera, eta bere iritziarekin bat ez datorren guztiaren jazarpenatik haratago, oinarrizko eskubideen urraketa da gehien kezkatu behar gaituena. Eta bitxia bada ere, era honetako prozesoak martxan jarri dituztenak eurek hain begirune haundiaz goraipatzen duten legedia bera ere errespetatzen ez dutela esan beharra dago.

Konstituzioa, esaterako. Kautelazko itxierak, adierazpen askatasuna jartzen du kolokan, bai eta informazioa jasotzeko eskubidea ere, kasu honetan euskaldunek euren hizkuntzan egunkari baten bidez informazioa jasotzeko duten eskubidea, hain zuzen ere. Bestetik, Konstituzioaren 55. artikuluaren arabera, zenbait eskubide ukatu dakizkioke pertsona bati (hala nola berehalako informazioa jasotzekoa eta abokatuaren laguntzari buruzkoa) ´baldin eta salbuespen egoera deklaratuko balitz´. Aznar, Acebes eta Del Olmo jaunek argituko ahal digute ea salbuespen egoeran gauden?

Bestalde, artikulu berak, bigarren apartuan, zera dio: ´pertsona jakin batzuen´ eskubideak suspenditu litezke, elementu terrorista edo-ta talde armatuen jardueraren ikerketa egitea beharrezko balitz´. Txarrenean ere, ´pertsona jakin batzuek´ eskubideetaz ari da delako artikulu hori, eta ez, beraz, egunkari baten milaka irakurleetaz, eta euren eskubideetaz, zein nahi dela egunkaria.

Erran gabe doa, Estatutuaren 6.artikulua, bertan behera gelditzen dela; edo-ta Euskararen Normalkuntzarako Oinarrizko Legea, beronek euskal agintariei bi hizkuntzak gradu berean egon daitezen neurriak hartzeko agintzen dienean, eta euskarari lehentasunezko tratua eskeini diezaioten gomendatzen dienean; edo-ta Europako Hizkuntzen Kartak diona, berau Espainiako gobernuak sinatuta dagoen erren. Eskerrak legediaren errespetzaile diren, bestela akabo!

Zertarako jarraitu. Lotsa ere ematen du honelako gauzak argumentatu beharrak. Beste erremediorik ez zaigu geratzen, ahalik eta era amankomunenean bidegabekeria hau bertan behera geldi dedin lan egitea baino, bakoitzak duen erantzunkizun-esparrutik, eta espainiar gobernuari, eta bere morroi zintzoa den Audientzia Nazionalari, zera esatea: ASKI DA!

Gorka Knörr
Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia
Egunkariako Kontseilu Editorialeko kide ohia.

Jatorria: Gorka Knörr