Anjeles Iztueta Azkue

Ezagutza da gure gizartearen aurrerapenerako faktorerik garrantzitsuenetako bat; kapital intelektuala kokatzen du gaitasun nagusi bezala, giza jakintzaren edozein eremutan ezagutza berriak sortzeko.

Oso bizkor goaz aurrera eta testuinguru honetan, gaur inoiz baino gehiago, hezkuntza eta jakintza funtsezkoak dira denerako; aurrerabideak ezartzen dizkigun galdera eta dilema berriei erantzuteko, galdera berriak egiteko eta gizaki guztiak, berdinak eta baztertezinak izanik, barrutik hazi daitezen eta euren etorkizunaren jabe izan daitezen laguntzeko.

Ezagutza funtsezkoa da ezagutzeko, jakiteko, sozialki eta ekonomikoki kokatzeko; trebetasunak eskuratzeak kudeaketa-tresna berriak erabiltzeko aukera emango baitigu, bizitzeko eta lan egiteko moduan iraultza ekarri duten tresnak, hain zuzen ere.

Iraultza teknologiko hau ikaskuntzaren metodologiaren eta edukien aldaketan oinarritu behar da hezkuntzaren arloan. Baliteke gu hezten ari garen pertsonak dagoeneko desagertzen hasi den gizarte baterako pertsonak izatea. Hezkuntzak etorkizunerako prestatzen gaitu, gaur egungoa ez den etorkizun baterako, informazioaren eta ezagutza- ren gizarterako, alegia. Egungo egiturak erro-errotik aldatuko dituen ezagutza da, gu geu hobetzeko eta gizartea hobetzeko lagungarri suertatuko zaiguna, gizartea justuagoa eta orekatuagoa izan dadin.

Informazioa baliabide urria zen testuinguru batetik informazio gehiegi dagoen testuinguru batera igaro gara, informazioa hautatzen, ebaluatzen eta aprobetxatzen ikasten erakutsi beharko dugu beraz. Gaur egun pentsatzen dugu ezagutzarik eza ez dela informazio ezaren ondorioa, ezagutza eta informazio gehiegi edukitzearen ondorioa baizik. Hezkuntzan, informazioa hautatzen, iragazten eta ba- loratzen ohitu behar dugu. Horregatik da garrantzitsua hezkuntza-prozesu ebaluatzailetan heztea, izan ere informazioa egonkor izatetik aldi baterakoa izatera igaro da, eta urria izatetik gehiegizkoa izatera.

Beharrezkoa dugu, orain artean bezala, pertsona guztientzako hezkuntza-oinarri zabala edukitzen jarraitzea, baina era berean pentsatu ere egin beharko dugu nola eta zertan hezi behar dugun, izan ere, garrantzitsuena bizitza osorako balio izango zuten ezagutzak irakastea zen fase batetik, bizitza osoan zehar ikasteko premian pentsatzera igaro gara. Horregatik, ezagutza mugiezinen aurrean, garrantzi berezia hartu du trebetasunen eta jarreren ikaskuntzak, espiritu kritikoan eta balioen hezkuntzan oinarrituta.

Argi eta garbi jabetu behar dugu gizateriarentzako gizarte berri bat sortu behar dugula, eta ez teknologiarentzako gizarte bat. Bizia nagusitu behar zaio teknikari, ezagutzaren gizarte globala nahi dugulako, ez informazioaren merkatu global bat. Herritar guztien zerbitzurako gizartea nahi dugu, sormen handikoa, egungo arazoak konponduko dituena eta zabala, justua eta anizkuna izango dena.

Ezagutzaren globalizazioak arrazoiak, proiektuak eta ikuspegiak trukatzeko balio izan behar du; urritasunak gainditzeko balio izan behar du, baliabide demokratikoek zorrotz funtziona dezaten, mundu korapilatsu, jasangarri eta bakezalea kudeatu ahal izateko.

Orain behar duguna zera da: ezagutzak sortzeko daukagun gaitasuna handitu, jakiteko eskubidea inoiz baino in- dar handiagoz errebindikatu. Giza garapenak ikaskuntzarako sarbidearen aldeko apustu sendoa eskatzen du, mundu guztiarentzako aukera-berdintasunetik abiatuta. Ikasteko eskubidea bermatzea herritar aktiboak izateko, askatasunean bizi eta autonomiaz jarduteko, gure herriari gehien komeni zaiona erabaki ahal izateko, arkitektura global bat eraikitzeko, koherentziaz, erantzukizunez eta gardentasunez.

Testuinguru honetan sormena, lankidetza eta ikaskuntza dira oinarri preziatuenak. Gaitasun bakoitza erakusten duen irakasletik irakasle bitartekarira igaro behar dugu, ikasle/irakasle arteko ezagutza-trukea eraginez. Irakasle tradizionalak ezagutzaren jabe ziren eta ikasleei ematen zieten; egungo irakasleak hautatu eta antolatu egiten du, baina ez bakarrik berari erabilgarria iruditzen zion ezagutza, baizik eta ikasleen adimenetan sakabanatuta dauden gizarte-ezagutzen multzoa; ezagutzak kategorizatu, ebaluatu eta antolatu ahal izan ditzaten.

Jasotako informazioa nola prozesatzen den irakatsi behar dugu. Beharrezkoa da ezagutza antolatzeko gaitasuna jorra- tzea, jakintza berriak non sartu behar ditugun, aurretik dauzkagun jakintzekin lotuta barneratu behar baititugu.

Derrigorrezkoa da gutxiengoen balio, ohitura, sinesmen eta kulturak errespetatzea, pentsamendu bakarraren inposaketa indartsuaren aurkako ariete gisa, izan ere teknologiek bitarteko berdintzaile bezala jardun baitezakete. Horrez gain irakasleak euren irakaskuntzan barne hartu eta baliatu ditzaketen balio independente eta etikoetan hezteko ere baliagarri suertatuko zaigu, informazio-uholdetik benetan hezitzailea suerta daitekeena hautatuz.

Kode eta hizkuntza berriak ikasi behar dira, sareetan barrena dabilen informazioak sistema komunikatibo askotarikoak erabiltzen baititu. Ikaskuntzak selektiboa eta bizkorra izan behar du, alde batetik informazio-ugaritasunagatik eta bestetik aldatzen den abiaduragatik eta horretarako, garrantzi handikoa da hautatzeko, kritikatzeko eta baloratzeko gaitasuna.

Informazio-sareak eta informazio hori bideratzen duten tresnak erosotasunez, harmoniaz eta gaitasun kritikoz erabili behar ditugu. Aurrerabideari beldurrik izan gabe bizi behar dugu, teknologia berriekiko beldurrik gabe, demokraziarekiko beldurrik gabe, askatasunean konfiantza sendo, lasai eta erabatekoarekin, haserrerik gabeko askatasuna, herrien, kulturen eta ideien aniztasunak dakarren aberastasuna eta justizia murriz- tuko ez dituen gizartea ahalbidetzeko.

Guztia uniformeki bateratzeak dituen arriskuetatik urrundu behar gaituzte hezkuntzak eta ezagutzaren gizarteak, solidarioki anizkun garela badakigun eta halaxe azaltzen garenok elkarrekin bizi ahal izan gaitezen, elkartrukean eta elkar ulertzen. Hezkuntzak eta ezagutzaren gizarteak mundu justuago batera eraman behar gaituzte, sistema koherente eta demokratikoago batera, non ezberdintasunerako eskubidea bermatuko den, bai eta gure bizitzetan eta gure herriaren etorkizunean eragina izango duten erabakietan parte hartzeko eskubidea ere. -

Jatorria: Anjeles Iztueta