Zorionak eta eskerrik asko Euskal Herria!

Historia irakasle aparta dela badakigu. Eta Euskal Herria, ikasle ona dela berriro ere erakutsi dugu.

Askatasuna, demokrazia, justizia eta elkartasuna auzitan jartzen direnean, euskaldunok dana emoten dogu, Lauaxetak zioen bezala.

Atzo ere, eman genuen;
Batetik, EAEn eserlekurik gabe utzi genuen faxismoa. Oraingoan ez da odolez eta malkoz izan, baina irabazi, irabazi dugu!

Bestetik, beste Espainia bat eraikitzen laguntzeko prest azaldu gara; nazioaniztasuna eta eskubide politiko zein sozialak babestuko dituena, berdinen arteko elkarrizketa eta negoziaketan oinarrituko dena eta emakume, gazte, pentsiodun, etorriberri, euskaldun, heteroarautik at daudenak edo beste era batera esanda, gehiengoa osatzen dugun minoria guztiak periferiatik erdigunean igaroko dituena.

Eta azkenik, Herri honek bere burujabetzarako duen nahia eta beharra adierazi dugu ozenki. Euskal gizartearen gehiengo handi batek bozkatu du askatasunaren alde. Eta bozka hori ez da Euskal Herrian soilik gertatu; Kataluniako gure kideek ere gurari beretsua azaldu dute. Elkarrekin Errepubliken bidea jorratzeko prest gaude!

Noski, hau guztia ez litzateke izango posible kanpaina guztian zehar lanean ibili diren inurririk gabe. Dela propaganda banatzen, dela lagunekin kafeak, garagardoak edo whatsAppak elkarbanatzen, dela kartelak jartzen, edo San Prudentzio egun eguzkitsu batez erromeriari uko egin eta eskoletan sartuak egon zineten guztioi eskerrik asko erraldoia! Korrikako aurtengo abestiak dioen bezala, “zu gabe, hau ez da posible”. Zuen konpromisoak berriro ere, gainezka egin du, eta gauza handia lortu dugu!
bidea
Bidai hau, baina, hasi besterik ez da egin; Estatuko mapa eraldatuko dugu, eta hurrengo hiletik aurrera, baita Euskal Herriko herri bakoitzekoa, eta nola ez, Europakoa ere.
Ekin diezaiogun bideari!