Martin Aranburu XVI. mendeko idazle frantziarraren esaldia datorkit burura Valentziako estatutu berriaren onarpenaren berria irakurrita: «Denek esan ditzakegu tontakeriak, okerrena sutsuki esatea da». Urte asko daramatzate PP eta PSOE alderdiek hizkuntzaren arloan tontakeriak esaten, inolako logikarik ez duen argudioa defendatzen, Espainiatik kanpo lotsa eta harridura sortzen duen iritzi politikoa izaten, baina, halere, Montaigne-ren esanak konfirmatuz, ez dituzte tontakeriak soilik esaten, are eta okerrago, behin eta berriz errepikatu eta sutsuki defendatzen dituzte. Azkenaldian, gainera, arau bihurtu dute tontakeria.

Herri baten kulturari egindako zapalketa legala hitzartu dute bi alderdi horiek. Valentziako biztanleen gehiengoaren sostenguarekin, ez dut ukatzen, baina tontakeriak tontakeria izango dira beti berauen argudiatzaileak gehiengoa izanda ere. Valentziera eta katalana hizkuntza desberdinak omen dira estatutu berrian planteatutako, defendatutako, bozkatutako eta onartutakoaren arabera. Orain arte, arrazoi politikoen kausaz, valentziera katalanetik desberdindu nahi zen artifizialki, hizkuntzaren akademia ofizial propioa eratuz eta diskurtso politikoan behin eta berriz defendatuz. Batez ere PPren partetik. PSOEk arazoa zuen gai horrekin: nola mantendu herriak onartuko zuen politika eta ez hanka ez buru ez duen planteamenduaren defentsa? Ohikoa egin du azkenean. Begiak itxi, sudurra estali eta
lotsagarria den erabakia hartu.

Argentinan, Bolivian, Ekuadorren edo Mexikon hitz egiten den hizkuntza «castellano» edo «español» da. Belgikan eta Luxenburgon egiten dutena frantsesa. Austrian eta Suitzan egindakoa alemaniera. Eta ingelesa? Zer esanik ez. Herrialde askok erabiltzen dute «ingelesa» izena duen hizkuntza. Bada, PSOEk eta PPk ekarpen sinesgaitza egin diote munduko soziolinguistikari: zeelandaberriera, estatubatuera, eta Ingalaterrako ingelesa bereizi egin behar dira aurrerantzean, hizkuntza horietako bakoitzari estatus legal eta ofiziala eman eta jarraian hizkuntza arauak asmatu. Noski, gero Blairrek Estatu Batuetan agerraldiak egiten dituenean azpititulatu egingo dute, jadanik Valentziako telebistak Kataluniako pertsonaiekin egiten duen bezalaxe, edo Chirac Bruselara doanean, eta zer esanik ez, Chavez-i itzultzailea jarriko diote Espainiara doan hurrengoan.

Mingarria da herri baten izaera zehazten duten elementuak trukaketa politikoaren aldagai bihurtuak ikustea. Eta are eta mingarriagoa izaera horretan murgilduta dauden biztanle valentziarren jarrera. Baina Camusek zioen bezala «la estupidesa sempre insisteix». (Arau berriak darraiki Valentzierako itzulpena ere jarriko dut: «La estupidesa sempre insisteix»).
Ergeltasunak beti insistitzen du.

Jatorria: Martin Aranburu