Bihar, 2017ko apirilaren 8a, larunbata, ETAren biolentziaren zikloa itxiz egun historikoa biziko du Euskal Herriak. Gure etorkizunerako garrantzi handiko gertakizuna da ETAren armagabetzea eta horrela hartu dugu Eusko Alkartasunean. Ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Bakearen Artisauek esan duten bezala, Baionan egingo den egun historikoa ez da ospakizuna izango. Zaila da pentsatzea zer den gai honetan ospatzeko daukaguna, biolentzia eta oinazearen historiaren amaiera honetan. Dena den, eta nahiz eta urratsik erabakigarriena armak erabiltzen uztea izan zen, armagabetzea bera ere biolentziaren ondorio guztiak gainditzeko bidean pauso garrantzitsua da. Eta beraz, ongietorria da.

Armagabetzearen arlo teknikoa gaindituta, bihar Baionan egingo diren ekitaldiak emandako urratsaren eszenifikazioa izango direla ulertzen dugu, eta ez zaigu gaizki iruditzen: kontrakoa, gizarteari eragiten dioten neurriak argi azaldu behar dira, ahal dela behintzat, eta zuzenean oinazea pairatu duen gizartearen aurrean.

Gainontzean, ospatzeko gutxi dago. Armak gizarte zibilari eman dizkio ETAk. Eta kasu honetan gizarte zibila gure herrian errespetatuak diren pertsonek osatzen dute: batzuek bere ibilbideari buruz zalantzak sortzen saiatu badira ere, beti biolentziaren estrategiaren aurka egon diren pertsonak dira. Horrela gizartearen gehiengoak bakea lortzeko zuen nahia islatuko da, erakundeetako ordezkariekin egin daitekeen edozein ekitaldi batean baino askoz ere hobeto. Era berean, oinaze handia sortu eta inolako helbururik lortu ez duen estrategiaren amaiera ere ikusiko da bihar, hainbat erronka mahai gainean utziko dituena.

Biktima guztiek behar duten egia, justizia eta erreparazioa epe ertain-luzerako erronka da eta etorkizuneko gizartearen oinarrietako bat. Erronkarik garrantzitsuena da baina ez bakarra, gatazkaren ondorioak ere gelditzen direlako. Horien artean, presoena eta ETAren desegitea bera. Azken hori ezin da, inolaz ere, armagabetzea bera edo presoen arloan egon den estrategiaren aldaketa bezala horren beste atzeratu. Arduraz jokatzeko unea da, pertsonek ditugun eskubide guztiak betetzeko unea da.

Bihar, 2017ko apirilaren 8a, larunbata, garai berrian sartuko da Euskal Herria. Garai berrian gizarte zibilaren protagonismoarekin, giza eskubideak errespetatuz eta EAk bere sorreratik hautatu zuen ibilbideari jarraituz, gure helburu politikoak betetzen joango gara.