Egungo gizartearen arazoak konpontzeko sozialdemokrazia matxuratutako tresna denaren ideia zabaldu da. Egungo egoeraren interpretazio ez egokitik datorren ideia da, noski: kontserbadoreekin hitzarmenak egin dituzten alderdiengatik, edo agenda neoliberala onartu dituzten gobernu epelek egin dituztenengatik edo zuzenean sistema kapitalistaren aurrean amore eman dutenengatik sozialdemokrazia guztia salatzea ilargiari beharrean behatzari begiratzea da. Kontua ez da tresna bera, zer-nolako erabilera ematen zaion baizik. Eta oraindik garrantzitsuagoa, egungo egoera sozioekonomikoari erantzuteko eta Ongizate Estatuari indartzeko nola modernizatzen den.

Egia da sozialdemokrata bezala definitu diren gobernu askok ez dutela asmatu krisi ekonomikoaren zartadari erantzuna ematean eta horrek jendartearen desideologizazioa sortu duela. Baina oinarriek hor jarraitzen dute: demokrazia liberalen joko arauak erabilita, parlamentarismoa eta eragile sozialen hitzarmenak medio merkatu ekonomia kapitalistatik sozialismo demokratikorako bidea egiteko pertsonen araberako gizartea eraikitzeko. Oinarri horiek defendatu ditu Eusko Alkartasunak sorreratik, eta horregatik abertzaletasun instituzionalean dagok okatuta. Hau da, erakundeetatik eta ikuspegi abertzaletik abiatuta gizarte bidegabeagoa eta kohesionatuagoa lortzea. Eta EAk lan hori EH Bilduren bide zegiten du egun erakundeetan.

Inguruko egoeretara begiratzen badugu, Benoit Hammon frantziarraren proposamen sozialdemokratak eta Jean-Luc Melenchonen ezkerreko ideiek izan duten babes eskasa ikusi dugu, Le Pen eta, azkenean, Macronen tesiek aurrera egin duten bitartean. Hala ere, eta beste aldean, Europako ezkerraren agendan berri ona egon da aste honetan: sozialdemokrazian erreferentziala den Jeremy Corbyn laboristak, ekainaren 8ko britainiar hauteskundeetarako programa ausarta aurkeztu du. Zalantzarik gabe gizartearen arazoak konpontzeko helburua duten ideia sozialdemokratak. Muturrekoa eta arduratsua titulua du programak eta bere proposamenetako batzuk honakoak dira: dirudunei zergak igotzea –koalizioak Fortuna Handien Zergaren bidez Gipuzkoako Gobernuan egin zuen bezala-, britainiar sistema publikoarentzat 50.000 milioi gehiago biltzeko asmoz.

Eskandinaviar ereduko Ongizate Estatuetan aurki ditzakegun politikak –Suedia eta Norvegia dira adierazle nagusiak- testuinguru berean daude, enplegu osoaren alde eta gizarte eskubideen garapen unibertsalaren alde egiten dute.

Hor dago koska. Sozialdemokrata izanagatik ez da barkamenik eskatu behar. Aitzitik, alde batetik merkatuaren besoetara bota diren Gobernuak seinalatu behar dira eta, bestetik, sozialdemokraziaren oinarria eguneratu egin behar dira XXI. Mendeko bigarren hamarkadako arazoei aurre egiteko gai izan dadin. Euskal sozialdemokrazia berritu egin behar da, eduki gehiago izan behar du, politika pragmatikoa ausart eta erakargarriak proposatu behar ditu. Sozialdemokraziaren printzipioek, egun, krisi egoera honetan inoiz baino beharrezkoagoak dira. Euskal gizartearen gehiengoa klase erdia den heinean, sozialdemokraziarekin bat egin beharko luke ideología honek defendatzen duena kontuan harturik: gizartearen berdintasuna, Ongizate Estatua, eta justizia eta eskubide sozialak.

Gure kasuan gainera, sozialdemokrazia eta autodeterminazioaren arteko erlazioa egon badago, gizabanakoa eta kolektiboaren arteko erlazioan oinarritzen dena, hain zuzen ere. Eusko Alkartasuna independentziaren aldekoa da baina ez kontzeptu soil gisa. Independentziaren ondoren guztizko Ongizate Estatua eratu nahi du EAk, non euskal gizartea bidezkoagoa izango eta kohesionatuagoa egongo den eta non ezberdintasunik gabe zerbitzu publikoak erabiltzeko gai izango den. Estatua legez aitorturiko eskubideak bermatzen dituen lanabesa izan behar da. Eta hor, sozialdemokrazia aurrerakoienean, Eusko Alkartasunak lanean jarraituko du.