Araba Euskaraz, herrialdeko ikastolen jaiari babesa emango dio Eusko Alkartasunak igandean Armentiara joanda. Eva Blanco, Eusko Legebiltzarreko presidente ordea, Mariano Alava, Antolakuntza idazkaria, eta Eneko Alaña, Arabako Koordinadorako kidea, egongo dira Gasteizko Armentia Ikastolan ospatuko den hasiera ekitaldian.

2019ko Araba Euskaraz landu duen filosofia barneratzailea baloratzen du Eusko Alkartasunak, getifikazioari, Gasteizko hezkuntza sistemak duen arazo larrienetako bati erreferentzia egiten baitio. Izan ere, Armentia ikastolak beka sistema sortuko du igandean biltzen duen diruarekin, edozein familiak, bere maila ekonomikoari begiratu ere, haurrak bertan matrikulatu ahal izateko. Horrela, integrazioa bultzatzeko helburua du ekimenak, eta gasteiztar berriei zuzenduta dago hein handi batean, bereziki Gasteizera kurtso erdian heltzen direnei.

Igandeko jai jardunaldian parte hartzeko deia egin du Eusko Alkartasunak, eta antolaketak zehaztu duen helburuarekin laguntzekoa.