«UNIBERTSITATE LEGEA ZENTRALISTA DA… IA-IA FRANKISTA»
Justizia, Lan eta Gizarte sailburu gisa hasi zuen legealdi berria. Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa sailburua da orain. Hasieran Jaurlaritzak eman zuen
irudi nahasiari garrantzia kendu dio EAko emakume alai eta ireki honek. Emakume,
abertzale eta aurrerakoia azaldu zaigu. Jaurlaritza honen kemena legealdiaren
amaieran frogatuko dela esan digu.

«UNIBERTSITATE LEGEA ZENTRALISTA DA… IA-IA FRANKISTA»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 0-3 urte bitarteko heziketa osoa hartuko
omen du. Irakaskuntzako sindikatuek bere ezadostasuna azaldu dute, berria ez
delako zuzena eta gainera berauekin kontatu gabe zabaldu delako prentsa bidez.
Zer dago egitasmo honi buruz?

0-3 urteko hezkuntza egitasmoaren inguruan gaizki ulertze bat egon da. Susmo
txarrak-edo izan dira, baina gaizki ulertze horiek argitzen joan ahala, konpromiso
bat hartu dugu 0-3 urte bitarteko hezkuntzari buruzko dekretu bat arautzeko.
Gure sailak sindikatu eta gurasoen plataformarekin mahai bat osatu du eta lan
egiteko batzorde tekniko bat eskaini dugu gure aldetik. Egistasmoaren aldeko
baiezko erantzun bat jasoko dugulakoan gaude.
Hezkuntza Sailak adin horretarako
hezkuntza, heziketa eta gizarte-laguntza bezala jotzen du; hezkuntza zentzu
zabalenean ulertuta. Gainera, hasiera batean Hezkuntza, Lan eta Gizarte, Nekazaritza
eta Lehendakaritza Sailak ari gara egitasmoan, baita Udalak eta Foru Aldundiak
ere. Izan ere, 0-3 arteko hezkuntza oso garestia da eta diru mugak izango ditugu.
Ez da erraza baina legealdi honetan dugun erronketako bat da.

Espainiako Estatuan derrigorrezkoa da 6 urtetik gorako haurren eskolaratzea.
Semea etxean hezitzen ari den kasu bat ekarri genuen orriotara. Zein da zure
iritzia?

Ezin da inor behartu eskola joatera, nire iritziz. Familia batek umea etxean
hezi nahi baldin badu, eta baldintza onak baldin badauzka, zergatik ez etxean
hezi umea? Guk ez diogu begiratu behar Espainiako legeari, Europako beste herrialdeetako
legeei baizik. Beraz, seme-alabak etxean hezi nahi dituzten familiei bere horretan
utzi behar zaie eta ahal bada lagundu ere bai. ARGIAko artikuluak harritu ninduen
eta gaiari nola heldu zaion ustekabean harrapatu ere. Familia horren kasua epaiketara
eraman nahi izan dute, baina gu guraso horiekin harremanetan jarri gara modu
aurrerakoian jokatu behar baitugu.

Aurreko legealdian DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) eta batxilergoaren
erreforma iragarri zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Zertan dago erreforma?

Oraindik ez dugu berririk, baina erreforma honek -Unibertsitatearen kasuan bezala-
beste lege inposaketa bat ez ekartzea espero dugu. Datorrena datorrela ere,
hezkuntza eremu osoan eskumen osoak dauzkagu eta dirua ere gurea da, hori ere
ez da beste Erkidegoetan gertatzen. Oinarrizko legeak garatzea ez dago gure
esku, baina gure planak gara ditzakegu; orain arte behintzat guztiz autonomoak
izan gara. Oraingo etapa berri honetan baina, hasiak dira oinarrizko lege basati
batzuk jartzen. Unibertsitate legea, esaterako. Estatutuaren kontra doazen oinarrizko
legeak dira. Madrileko gobernuaren oraingo estrategia oinarrizko lege batzuk
jartzea da -izen horiekin jarri, nahiz hori baino askoz ere gehiago den- eta
Estatutuaren aurkako legeak bihurtu. Orain arte gure autonomia izan dugu eta
oinarrizko printzipioa errespetatzen genuen. Esate baterako, LOGSE ez da hain
lege txarra, aldeak alde, lege aurrerakoia izan da, gure herrira, eskema eta
beharretara egokitzen jakin dugu. Baina, oinarrizko lege hauek gainean jartzen
badizkigute eta gure Estatutuarekin bat ez badatoz, bada guk gurea egin beharko
dugu.

Zer-nolako harremanak dituzue Madrilgo Hezkuntza Ministerioarekin, Pilar
del Castillo ministroarekin?

Harreman pertsonalak badaude, baina harreman instituzional askorik ez, bi Hezkuntza
Saileko teknikariek landuak, beste gai askotan bezala gure lehentasunak ez daude
hor. Beste harreman batzuk sortu behar ditugu, batez ere Euroapa mailan.

LOU (Ley Orgánica Universitaria) Zergatik da organikoa? Zergatik jarraitu
du Espainiako lege honek jarraitu duen prozedura?

Oinarrizko legea da. Estatuak horretarako eskumena dauka, baina oinarrizko gauzak
arautzeko. LOU legearekin zera egin dute: oinarrizkoa ez dena oinarrizko bihurtu
eta prozedura horren bitartez arautu. LOU legearekin gure eskumen politikoetan
barruraino sartu dira.

Hasi errektoreetatik eta ikasleak, irakasleak… denak kexatu dira lege berria
dela-eta. Zerk haserretu ditu hainbeste sektore hauek?

Lege hau hainbat puntutan txarra da guretzat, baina batez ere egiteko modua
izan da oso txarra. Legea aprobatu bitartean ez du inork beraren berri izan,
ez dute inoren aholkurik eskatu eta mahai gainean jarri dute gero. Inposatu
egin dute. Eta gainera unibertsitate bizitzan barru-barruraino sartzen da. Unibertsitatearen
autonomiaren kontra joan dira. Oso arautzailea da. Ez dago inolako ereduetan
oinarrituta, ez dute inolako diagnostikorik egin unibertsitateetan beharrak-eta
aztertzeko. Duela 30 urte egin zitekeen lege hau. Eta beste gauza bat, politikoki
erkidegoen kontra joan da. Duela 25 urteko Espainia izan dute gogoan. Legea
zentralista da… ia frankista.

Unibertsitate autonomoaz ari garenean zertaz ari gara?

Gainerako hezkuntzarekin konparatuta unibertsitatea esparru autonomoa da. Esparru
autonomoa da, baina gizarteak ordaintzen du, urtero 35.000 milioi pezeta (210,8
milioi euro). Beraz, arauak eta oinarrizko gauzak Eusko Jaurlaritzako sail batetik
bideratzen dira, baina kudeaketa, antolamendua eta barruko bizitza beraiena
da. Ardura parekatua da. Eusko Jaurlaritza diru publikoa delako sartzen da.

Bazen unibertsitate lege bat (83ko LRU) eta orain beste bat (LOU), onartze
bidean dena. Pedro Larrea Gizarte Kontseiluko lehendakariak bi legeen arteko
alde handirik ez dagoela dio. Zer ez du lege honek lehengoak zuenik?

1998ko LOU legean gauza batzuk zehaztu ziren, baina bi gauza geratu zitzaizkigun
zintzilik: irakasleria kontratatzeko erak eta ebaluatzeko sistema. Orain Espainiako
legearen (LRUren) erreforma egin behar zenez pentsatu genuen agian ate gehiago
izango genituela irekita bi gai hauek lantzeko. Zer gertatu zaigu? Lege berria
(LOU) Espainian onartze bidean da eta irakasleak kontratatzeko gure sistemarekin
eta ebaluazio sitemarekin ezin dugu aurrera egin. Beraz, gure lege berria egin
behar dugu bi gai hauek guk nahi bezala egin daitezen.

LOU legeak irakasleen kontrataziorako aukera berriak eskaintzen omen ditu.

Irakasle propioarentzat portzentajea igo egin da. Irakasle kontratatuak oso
figura marjinaltzat jo ditu. Zirrikitu bat geratu da ordea, unibertsitateak
berak irakasleak kontratatzeko, eta hori baliatu behar dugu irakasle kontratatuen
gaia bideratzeko.

Europari begira zer itxura du lege honek.

Testuingurua Europa da. Espainiako unibertsitatean endogamia asko erabiltzen
dute. Izan daiteke lurraldeko endogamia edo klanetakoa, baina klanetako endogamia
erabiltzen dute. Endogamia espainiarra da eta gaiak ez dira Espainia mailan
tratatu behar, Europa mailan baizik.

Unibertsitatearen finantzazioa erkidegoen esku dago eta kudeaketa berriz
Madrilen esku. Nola da posible?

Hori da kontua. Dirua hemen dago eta gure beharrentzako unibertsitatea egin
nahi dugu. Baina Madriletik antolatu nahi digute dena. Hala ere, dirua guk daukagu
eta hemen adostasun batera iristen bagara, zergatik ez dugu gure proiektua egingo?

Legea nola egingo litzateke?

Eskumenak dauzkagu. Lege horretan bilduko diren gaiak hauek lirateke: unibertsitate
planak, finantzazio irizpideak, irakasleen kontratazioa eta ebaluazio sistema.
Gai hauen inguruko adostasuna lortuta, badugu gure unibertsitate proiektua izatea,
gure legea, alegia.

Ez al da etorriko Madriletik Konstituzioaren mamua?

Gure legeko gai guztiak ez lirateke Madrilekoekin aurrez aurre jarriko. Batzuk
bai. Horiek beharbada Auzitegi Konstituzionalera iritsiko dira, baina bitartean
guk gainerako puntuen onarpena izanda aurrera egingo dugu.
Gure legean Iparraldea eta Nafarroa
ere kontuan hartu beharko ditugu. Adibidez, Iparraldeko ikasleek EAEko unibertsitatean
sartzeko Parisko enbaxadan egin behar dute selektibitatea. Noski, euskarak ez
die ezertarako balio eta azterketako gaiak ere Espainiakoak dira. Hau datorren
ikasturterako konpondu behar dugu. Gaia konponbidean dago, legearen zirrikituak
baliatu baititugu.

EAEn lege berria egiteko asmoa agertu zenean PPko Carlos Iturgaitzek hori
desobedientzia zibilaren alorrean sartzen zela esan zuen. Zer diozu honi buruz
eta zer iritzi duzu desobendientzia zibilari buruz?

Desobendientzia zibila, konfrontazio demokratikoa… horrelakoak esango dizkigute,
baina ez diogu horrelakoei beldurrik izan behar. Era demokratikoan eta gizartearen
babesarekin ari bagara, zergatik ez? Herri honetan desobedientzia zibilaren
bidetik gauza onak egin dira. Intsumisioaren gaia horrela konpondu da, ikastolak
nola atera dira aurrera? Nik bide horietan sinesten dut. Ez dugu beldurrik izan
behar, alderantziz, agian bide bakarra da.

Manuel Montero EHUko errektoreak esan du unibertsitate legeak ez duela euskara
bermatzen. Eusko Jaurlaritza euskara bermatzeko dago, unibertsitatea ere bai,
euskaraz ikasi nahi dutenak ere badira… Donostiako Arkitekturako Fakultatekoek
azkena, arazo larriak izan dituzte. Zer gertatzen da?

Arkitekturako kasuan deskoordinazio handia egon da, baina arazoa konponbidean
jarri dugu. Euskaratze plana urtebete aurreratuko da. Aurtengoa bertako irakasleen
eta ikasleen borondate onari esker konpondu da. Hurrengo urterako euskalduntze
plana aztertu nahi dugu. Gaia bide onean doa, baina egoera larria izan da.

LOU legeak nola eragingo du euskararen garapenean?

Guztiz kaltegarria da lege berria. Irakasle poltsak egingo dira Espainia mailan,
epaimahai espainiarrarekin. Poltsa horretatik hartu behar ditugu guk ere irakasleak.
Noski irakasleak aukeratzeko euskarak ez du ezertarako balioko.

Irakasle euskaldunek asko sufrituko dute.

Funtzionario bidea aukeratzen duen irakasle euskaldunak bidea oso zaila dauka.
Ea guk gure legearekin zein irtenbide ematen diogun irakasleen gai honi, bestela
bide oso gogorra daukate

«Gizon eta emakumeen
arteko bizitza mistoan sinesten dut»

Hezkuntza sailburua zaren aldetik zer iritzi duzu emakumeak gizartean eta
lan munduan hartu duen lekuaz?

Egon naizen tokietan eta nire betebeharretan emakume izaten saiatu naiz, emakumeok
ditugun balore ezberdinak lotsagabe aurrera eramaten, alegia. Emakumeak eta
gizonak ezberdinak gara gai askotan, lan egiteko eran eta harremanetan, esaterako.
Emakumeok beste sentimenduak erakusten ditugu gure egitekoetan. Emakumearen
izaera aurretik jarri badut ere, ez naiz inoiz ezeren aurka izan, ezeren alde
baizik.

Nola baloratzen duzu feminismoa?

Feminismoa emakumearen alde lan egitea bada, honen aldekoa naiz. Ismoek beldurra
ematen badute ere, emakumeok gizarte eredu berri bat sortzen ari gara. Gure
belaunaldira arte gizonezkoak nahiz emakumezkoak kultura markatu batek heziak
izan gara, gure arteko harremanak beste era batez antolatzen ari gara orain.
Gizon eta emakumeen arteko bizitza mistoan sinesten dut, kultura misto berri
hau biok egin behar dugu modu baketsuan. Eskema berrietara ohitzen eta egokitzen
ari gara, eta gizartea pixkanaka aldatuko dugu denok irabazle izateko, elkarbizitza
berri honetatik sortzen ari garen esparruetan denok irabazten dugu.

Etorkizunari begira baikor agertzen zara, beraz?

Bai. Baina oraindik ere balore asko lantzeko geratzen zaigu emakumeoi nahiz
gizonei. Elkarren ondoan lasai eta normaltasunez bizitzeko oraindik urte batzuk
pasa beharko dira. Oso denbora gutxian aldaketa izugarriak izan dira eta egokitze
horrek denbora behar du. Emakumeek ama izan nahi dugu, etxetik kanpo lan egin
eta bikote bizitza garatu ere bai, eta denak ondo eramatea ez da erraza betiere.
Bikotearen lehenengo eredua eta oraingoa ezberdinak dira, bikotea ez da lehenengo
bera eta egokitze horrek denok ukituta gaude. Gure belaunaldikook hemezortzi
urtera arte ez ginen mutilekin elkartzen, alde bakoitzak bere klixeak zituen.
Gauzak pixkanaka aldatzen ari gara eta aldaketa hauen ondorio are nabarmenagoak
gure seme-alabek jasoko dituztela desio dugu.

Nolako jarrera agertzen duzu txiste matxista baten aurrean?

Ulertzen ditut egoerak, klixez osaturiko kultura batetik gatozelako. Txiste
matxista horiek hortxetan kokatzen ditut, baina ez naiz ernegatzen. Ea eskemak
aldatzen diren esaten diot nire buruari. Ez naiz txiste zale, hala ere.

Eusko Jaurlaritzan 3 emakumezko eta 7 gizonezko zarete. Zer moduz moldatzen
zarete emakumeak proportzio horretan?

Oso ondo sentitzen eta ulertzen gara. Denetariko elkarrizketak izaten ditugu
gure artean, ni oso eroso sentitzen naiz. Belaunaldi berekoak gara eta gizonak
berauek aldatu direla sentitzen da, gizonak ikuspegi zabalekoak dira. Gizon
eta emakumeen arteko harremanak aldatzen hasi ziren belaunaldi bateko pertsonak
gaude Jaurlaritza honetan.

Politikako karguetan emakume eta gizonezkoen arteko kuoten aldeko al zara? Eusko
Legebiltzarrean, kasu?

Ez zait dekretu bidezko kuota sistema jartzea gustatzen. Baina alderdietan,
esaterako, zaindu beharreko neurria iruditzen zait. Eusko Alkartasunean ez dugu
kuota sistema, baina emakumearen presentzia inportantea da. EAko Batzorde Eragilean
emakumearen presentzia antzematen da, buruan dugun «neurri» bat
da.

Jaurlaritzan zein proportzioan ikusi nahiko zenuke emakume eta gizonen kopurua?

Bost eta bostekoan, adibidez. Europako iparraldearen herrialdeetan proportzio
hori izaten da, modu natural batez gainera. Hori iritsiko da, baina ez dekretu
legez.

Europako iparraldeko herrialdeak dituzu gustuko, antza.

Bai, herri sozialdemokratak gustatzen zaizkit, herri lasaiak eta demokratikoak;
Danimarka, esaterako. Solidaritatea lantzen den gizarteak dira, dimentsioaren
aldetik txikiak dira, Euskal Herria baina handixeagoak, baina txikiak. Bertako
gizartean gizon eta emakumearen arteko parekotasuna, baita haurren nahiz pertsona
helduen zainketan gizarteak hartzen duen ardura gustatzen zait. Euskal Herrian
ere gizarte eredu hori lantzea gustatuko litzaidake. Esaterako, haiek guk baino
bost aldiz gutxiago gastatzen dute eraikuntzan, pertsonen beharretan gastatzen
dute aldiz. Pertsonak hemen ez duen balioa du iparraldeko herrialdeetan. Hemen
eraikin erraldoiak eta sendoak behar ditugu, antza. Gizonen klixe bat ez ote
den nago, iraun behar duten eraikinak altxatu behar ditugu nonbait, iraupen
luzeko eraikinak

Hitzen adieraren peskizan

- Gizartea: Berarentzat egiten
dut lan; pertsonez osatutako taldea.
- Herria: Niretzat Euskal Herria.

- Unibertsitatea: Sorketarako
gune gazte eta bizia.
- Administrazioa: Gizartearen
beharrei gertutik erantzuteko tresna.
- Gobernua: Euskal Herria bake
bidean jartzeko obligazioa daukana.
- Agintea: Ardura eta erantzukizun
soziala.
- Boterea: Errealitatea hobetzeko
ahalmena.
- Burujabetza: Gure oraina eta
geroaren gidari eta jabe izatea.
- Independentzia:Euskal Herriarentzat
nahi dudana.
- Sozialismoa: Solidaritatea
giza ikuspegitik gauzatzea egunero.
- Askatasuna: Erabakiak lasaitasunez
hartzeko ahalmena.
- Elkartasuna: Besteekin bihotzez
bat egitea.
- Militantismoa: EAren proiektuarekin
dudan konpromisoa.
- Lana: Gustura eginez gero,
ordu askotako gozamena.
- Matematika: Lengoaia unibertsala
eta sujerentea, bizitzeko filosofia bat.
- Estatistika: Gizartea deskribatzeko
tresna egokienetakoa.
- Metodologia: Efikazia, organizazioa,
antolakuntza.
- Ikerketa: Sormena, plazerra.

- Mendia: Natura sentitzeko lekurik
aproposena.
- Literatura: Ametsen iturria.

- Adiskidetasuna: Askatasunean
norbera izateko laguntza eta babesa.
- Maitasuna: Bizitzeko motor
nagusia, energia iturri izugarria.
- Sexua: Konfiantza, hurbiltasuna,
desioa, naturaren zati garen seinalea

argia.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna