JUANJO AGIRREZABALA “EAJk, PSEk eta PPk komenentziazko ituna sinatu dute EITBk euskal errealitate politikoaren irudi murriztua eman dezan”, salatu du Agirrezabalak. Surioren agerraldia eskatu du, azaltzeko zergatik utzi duen Amaiur kanpoan.

Juanjo Agirrezabalak Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azal dezan nolako irizpideak erabili dituen telebista publikoan Amaiur aste honetako hauteskunde-eztabaidetatik kanpo uzteko. EAko legebiltzarkideak salatu duenez, koalizioa ez gonbidatzeko arrazoi bakarra “haren mezu politikoa isilarazi nahi izatea” izan da, eta horren ardura EAJ, PSE eta PPri dagokiela erantsi du, “haien ordezkariek komenentziazko ituna sinatu baitute EITBren Administrazio Kontseiluan EITBk herri honetako errealitate politikoaren irudi murriztua eman dezan eta horretaz etekin alderdikoia ateratzen saiatzeko”.

Agirrezabalaren iritziz, Amaiur baztertzeko EITBren erabakia, aniztasun politikoaren kontrako erasoa izateaz gain, defendaezina da medio publiko batean agindu behar duten irizpide demokratiko eta informatiboetatik. Ildo horri jarraituz, EAko ordezkariak salatu du “onartezina dela EITBk maiatzeko hauteskundeetan zinegotzi kopuruaren arabera Euskadin garaile atera zen indarra eztabaidetatik kanpo uztea, eta are onartezinagoa kontuan hartzen badugu inkesten arabera datorren igandeko hauteskundeetan koalizioak EAJk, PSEk eta PPk bezainbeste aukera edo gehiago izango dituela”. Agirrezabalak nabarmendu duenez, “2008ko hauteskundeen emaitzak ezin dira irizpide bakarra izan EITBrentzat, duela hiru urte hautesleriaren zati handi batek, gaur Amaiurren dagoenak, ezin izan zuelako parte hartu”.

EAko legebiltzarkideak kezkagarritzat jo du EITBk aniztasun politikoaren aurkako irizpide sektarioak erabiltzea. Bere esanetan, “erabaki horren atzean EAJ, PSE eta PPren nerbioak daude, beldur direlako Amaiurrek emaitza onak ez ote dituen aterako, horrek haien pribilegioak kolokan ipiniko lituzkeelako”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA