Martin Aranburu – Eusko Legebiltzarkidea
Atzo Herbehereetan izandako hauteskundeen emaitza ofizialen konfirmazioaren zain, Mendebaldeko Europan ustezkoa den kontzientzia demokratikoaren inguruko gogoeta piztu dit Holandan gertaturikoak, sistema demokratikoaren eta alderdi sistemaren akats bat agerian uzten baitu ezerezetik agertuta bigarren indar elektoral bilakatu eta sei hilabete beranduago desagertzeko zorian dagoen alderdi politiko bat egotea posible izateak.

Herbehereak ez dira tradizio demokratiko gabeko kultura bat, izatez, bertan baitaukate giza zientzien aurrerapenetako askok beren jaiolekua, baina, halere, ezker eta eskuin ohiko eskema gainditurik, Pim Fortuym, eskuin muturreko kutsua duen sozial-liberalismo erradikala, alderdi sozialdemokratekiko, sozialistekiko eta liberalekiko ukapenaren konfirmazioa izan zen. Atzoko emaitzek alderdi politiko horren benetako botere alternatibaren falta konfirmatu du, holandarren gehiengoak berriz ere betiko alderdien arteko aukera nahiago izan duelarik. Bost hilabete barru alderdi horretaz inor gogoratuko ez bada ere, ezin da ahantzi alderdi sistemarekiko konfiantza falta baten ondorio izan dela bertan gertatutakoa, eta, beraz, ohiko demokrazietan nagusi den alderdi politikoen sistemak gabezia nabarmenak dituela gaur egun ere.

Gabezia horietako bat da herriari aukerak murriztearen tendentzia, hots, proiektu desberdinen arteko hautaketa egiteko hiritarren aukera gutxitzea. Alderdi politikoek proiektu desberdinak ordezkatzen badituzte proiektu bakoitzak izan behar du gizarteari aurkezteko aukera, proiektu sozial eta politiko determinatu horren benetako ordezkaritza ahalmena ezaguna izan dadin, eta, ondorioz, gizarte baten benetako ezagutza soziologikoa posiblea izan dadin. Ez da onuragarria gizarte batentzat, bere tamaina edozein izanda ere, alternatiba politikoak geroz eta murritzagoak izatea, bestela esanda, proiektu alternatibak geroz eta gutxiago izatea. Eskuinak eta ezkerrak gizarte bat antolatzeko marko desberdinak ordezkatzen badituzte ere, eskuinak bere baitan eta ezkerrak bere baitan alternatiba aberastasun handia dute, bakoitzak ezker eta eskuin eskeman, eta Euskal Herriaren kasuan, independentismo-autonomismo eskeman, proiektu desberdinak ordezkatzen dituela.

Desberdinak diren proiektuek bat egiten badute, eta bat eginda aurkezten baldin badira hautesleen aurrean, ukaezina da hautesleriari hautaketa egiteko aukerak murriztu zaizkiola, azken finean, proiektu bakar bat bilakatu baitira. Are eta larriagoa da, nire ustez, hauteskundeak baino lehenago bat egiteko erabakia hartzea, sistema demokratiko baten mapa politikoa murritza baldin bada, eta gainera mapa politikotik alderdiak dekretuz edo erabaki judizialez ezabatzen badira.

Jatorria: Martin Aranburu