Alkartasuna Fundazioak Kataluniako Erreferenduma ikuskatzeko CIEMEN erakundeak antolatutako nazioarteko ordezkaritzan parte hartu du
Iria Epalza Markoarturen txostena
Alkartasuna fundazioak Kataluniako autodeterminazio erreferenduma ikuskatzen aritu da, CIEMEN (Kataluniako Centre Internacional Escarré pera les Minoríes Ètniques y las Nacions) erakundeak antolatutako nazioarteko ordezkaritzaren baitan.
Ongietorri internazionalista
Irailak 30ean, larunbata, arratsaldeko 7etan, Bartzelonako Institut del Teatre-n ongietorri ekitaldia gauzatzen da, ordezkari guztien hitzartzearekin. Alkartasuna fundazioko kide Iria Epalza lehena izan zen 25 ordezkarien artean hitza hartzen.
Afalostean, ordezkaritzak Sants auzoko Proa eskola bisitatu du. Bertan, eskolako gurasoek Escoles Obertes (eskola irekiak) ekimena nola sortu den azaldu dute, eta nola antolatu diren eskolak asteburu osoan irekita mantentzeko, ostiraletik hauteskunde eskola izango dena “okupatzeko”.
Asteburu osoan zehar, Kataluniako milaka eskolatan “kurtso hasiera jaia” edo “Udazken jaia” bezalako ekitaldiak antolatu dira, guraso eta irakasleen autogestioaren bidez, eta eskolak igandean irekita mantenduko direla ziurtatzeko, bizilagunen laguntza logistikoarekin.
Bazen poliziak eskolak itxiko zituen mehatxua. Horren aurrean, erakunde eta antolakunde ezberdinek goizeko 5etan eskoletara bertaratzeko deia luzatu dute. CIEMENeko zuzendari David Minovesen hitzetan, “ beste hauteskunde batzuekin konparatuz, oraingoan garrantzitsuena ez da botoaren kontaketa, baizik eskolak irekita mantentzea, eta botoak eta hautestontziak babestea”.
Dolors Sabater, Badalonako alkatearekin elkarrizketa
Urriak 1eko goizeko 7:45etan Sants geltokian dugu hitzordua, Badalonara joateko. Geltokirako bidean, hainbat eskola zeuden eta atarian jendea zegoen dagoeneko. Badalonan Jaume Oliverasek egin digu Cicerone lana. Militante historikoa, Jaumek El punt Avuin badu zutabe bat. Lehen eskolara laguntzen gaitu, Can Casacuebierta. Ehun pertsona baino gehiago atarian, eskola noiz irekiko zain. Ilara antolatua dago: lehenik helduak edo egun horretan lan egin behar duen jendea; besteak, euripean, itxaroten. Mosso bi daude ere inguruan, lasai askoan.
Jendeak albo batera egin du gu pasatzen uzteko, eta txalo eta graciés artean hartzen gaituzte. Eskola barruan, badira hautestontziak, paperak, errolda; mahaiak egokituak daude, eta ahaldunak eta administrazioko ordezkariak prest. 9tan, sarreran ikusi ditugun bi Mossoak atera gerturatzeko saiakera egin dute. Jendeak aurrera egitea oztopatu die, eta denbora behar dute atera heltzeko. Behin bertan, jendetzak “votarem” eta “tots som responsables” esanda hartu ditu. Mossoek alde egin dute jendearen txalo artean. 9:12tan lehen bozka ematen da eskola honetan, jendea hunkituta dago.
Beste eskola batean “Pacte Local pel Referèndum”eko koordinatzaile batekin bildu gara, azaldu digunak nola lortu duten Badalonako 34 eskolak irekitzea, eta bertan (Kataluniako 3. herririk populatuena, 2015eko ekainera arte Garcia Albiol PPko ordezkaria zela alkate, baina oposizioko talde guztiek bat eginda, En Comúko –2. Indarra- Dolors Sabater izendatu zuten alkate) auzolanean oinarriturik, erreferendumaren inguruko informazioa eta mobilizazioak egikaritzea.
Dolors Sabaterrek azaldu digu lehen orduan nola funtzionatzen dabiltzan eskolak. Guztira, 5 eskola ikuskatu ditugu goizean Badalonan. Ez da egon tentsio unerik, istilurik edo boto paper faltarik. Momentu batzutan bozketak eten egin behar izan dira, hori bai, Guardia Zibilak aplikazio informatikoa erausi duelako, eta beraz, errolda eskuz pasatu behar dute. Bai lanean eta baita itxaroten dagoen jendea aldarte onean dago, lasai, elkarren artean hitz egiten eta giro onean.
Catalunya Ràdio-ra bisita
Bartzelonara bueltan, Catalunya Radioko egoitzara goaz. Bertako zuzendari Saul Gordillo eta Rita Marzoarekin, “Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals”eko gobernu kontseilariarekin. Azaldu digute nola bizi izan duten azken asteotan gertatutakoa: Gordilloren izena BOEan agertzea, beste hainbat goi kargurekin batera, Epaitegi Konstituziogileak ondorio penalez ohartarazten, .cat fundazioaren domeinuen itxiera, ultren kontzentrazioak egoitza aurrean, ordena judizialik gabeko miaketak…
Gordillok eta Marzoak diote, kanpainari buruzko informaziorik ez emateko agindua etorri zaiela espainiar Gobernutik, baina haiek, Kataluniako hedabide publiko gisa, eta Kataluniako jendartearen irrati gisa (argi utzi zuten ez zirela Kataluniako Gobernuko irratia, Kataluniako herriaren irratia baizik) kanpainaz eta gertatzen ari zenaz informatu beharra zegoela erabaki zutela. Inoizko audientzia emaitzarik onenak izan dituzten azken asteotan, jendeak fidagarritasuna eta sinesgarritasuna eman dielako espainiar hedabide publiko edo kataluniar hedabide pribatuek zabaldu duten informazio partziala, interesatua edota kasu batzutan inexistentearen aurrean: “edo informatzen genuen, edo jendea twitterrera zioan informazio bila”. Horrela, asteburu honetan, 24 orduz zuzenean igortzen ibili dira. “Hauteskunde arruntetan gertatzen denaren kontra, hemen itxierari baino, lehen minututik informatzen aritu behar izan dugu. Gure presidentea kazetaria eta txiolaria izanda, guk ere informatzeko era aldatu behar izan dugu”.
Azkenik, arratsaldea l’Eixample edo zabalguneko eskolak ikuskatzen jardun dugu, ERC eta CUPeko zinegotziek lagunduta. Hauetako bat Escola Industrial izan da, Katalunia osoko eskola handiena izanik, bertan zeuden Europako ikuskariak, kazetariak… Bertan izan dira goizean poliziaren kargak, eta bertan zegoen jendetza hautestontziak defendatzeko prest. Bozketak bukatu eta zenbatekoa igorri arte, jendea ez da hautes-eskoletatik mugitu.
Herria, demokraziaren zaindari
Jende askorekin hitz egin dugu asteburu luzean zehar, eta gu geu izan gara lekuko nola jendetza mobilizatu den gizatasunez eta era baketsuan beren bozkatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, duintasun demokratikoaren irudia eskainiz. Egunotan zehar, eskolak bilakatu dira demokraziaren defendatzaile eta gotorleku. Jendea, herritarrak, gizartea ahaldundu egin da. Erreferenduma gauzatzea bakoitzaren lan gisa hartu dute, jakinik guztion arteko elkarlanean eta konfiantzan zegoela guztia ondo irtetearen gakoa. Beraz, oztopo guztien gainetik erreferenduma gauzatu ahal izana, bakoitzak lorpen eta beraz, garaipen propio bezala sentitu du.
Jada Erreferenduma edo processa bera ez da erakundetatik datorren iniziatiba, baizik eta herritar bakoitzaren eginkizuna. Erreferendumaren defentsaren aldeko komiteak, auzo antolatuak, herri ahaldunduak lortu du urriak 1eko goizeko 8etarako, Kataluniako eskola guztietan boto-paperak izatea.
Zentzu horretan, herritarrak beraiek harrituta daude lortu duten guztiarekin; eraikitzen ari diren errealitate berriarekin. Konturatu dira ahalmena badutela gauzak aldatzeko, eta beraz, erreferendum gauean ez da dena bukatu. Duten indarraz jabetuta, dena hastear daude. Erreferendumetik iraultzara doaz, “Twitterreko iraultza”: jendeak ere bertan gertatzen denaz zuzenean, filtrorik gabe, eta mundu guztiak ikus eta jakin dezan egiten baitu.
Horri esker, jakin dugu poliziaren indarkeria bortitzaren berri; gomazko piloten jaurtiketen berri; ehunka zaurituen berri; “no se ha celebrado ningún referendum” gezurraren berri, hautestontzien lapurreten berri… Baina baita herritarren bake kulturaren berri; “Els carrers saran sempre nostres”en berri, eta Herri katalanak munduari erakutsi dion duintasun, irmotasun eta gizatasunaren berri.
CIEMEN eskertu nahi dugu bere gonbidapenagatik, eta gure babes eta elkartasunik beroena helarazi nahi diogu Herri Katalanari beren autodeterminazio eskubidea egikaritzean.