Beste Europa posible baten aldeko apustua egiten duten buruzagi subiranista bilduko dira Bruselan

Aliantza Libre Europearra Batzar Nagusia egiten ari da egunotan eta, ikasturte politikorako lehentasunak finkatzeaz gain, bere sorreraren 40. urteurrena eta gazteen adarra sortu zenetik 20 urte bete direla ospatuko du. Eusko Alkartasunako ordezkaritza Eba Blanco jarduneko idazkari nagusiak; Iria Epalza, Komunikazio idazkariak; Lorena López de Lacalle, Nazioarteko idazkariak eta EALeko presidenteak; Iker Ruiz de Egino bozeramaileak; Naroa Velasco, Gazte Abertzaleetako kideak, osatzen dute. Hugo Uruñuela Coppieters ALEko kide diren alderdien fundazioaren goi-bilera paraleloan izango da, Alkartasuna Fundazioa ordezkatzen.

Batzarra gaur arratsaldean hasiko da Bruselan, eta bertan bilduko dira eurodiputatuak (Diana Riba eta Jordi Solè katalanak, Tatjana Zdanoka letoniarra, Napoliko Piernicola Pedicini eta François Alfonsi korsikarra, besteak beste), ALE osatzen duten 19 estatuetako 40 alderdietako ordezkariak, buruzagi historiko eta alderdietako kideak, Eusko Alkartasunako ordezkariez gain. Bidalitako mezuen bidez, Nicola Sturgeon Eskoziako presidenteak, Adam Price galestarrak, Aragonés presidenteak eta Euskal Herriarekin harreman handia izan duen Nelly Maes flandiarrak presentzia nabarmena izango dute.

Itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari ALEk, bost alderdi kide erantzukizun instituzionaletara iritsi diren unean; gertukoena, ERC Katalunian. Asanbladako eztabaidek hurrengo ikasturte politikorako lehentasunak ezarriko dituzte, emakumeen ekarpena, nazioarteko elkartasuna eta gazteriaren garrantzia oinarri izanda.

Eba Blancok trantsizio energetiko bidezkoari buruzko mozioa aurkeztuko du Batzarrean (honekin batera bidaltzen dizuegu). Klima-aldaketaren eragin globala biodibertsitatean eta pertsonengan duen eragina kontuan hartuta, bidezkoa den trantsizio ekologikoak konpromiso sendoa behar duela dio Blancok dokumentuan, hori posible egingo duen eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraikitzeko. Horretarako, Europako funtsen banaketa zuzena bermatzeko eskatu dio EBri Blancok, genero eta ingurumen ikuspegia politika guztietan zeharkako elementu bezala sartuta. Gaurkotasun handiko gaiei buruzko beste mozioak ere eztabaidatuko dira, hala nola energiaren prezioari, nazioarteko elkartasunari edo Kataluniako negoziazio mahaiari buruzkoak. Ezinbestean, autodeterminazio-eskubidea eta subiranotasuna oso presente egongo dira, gai hori europarra dela uste baitu ALEk, ez estatu barneko kontua.