Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria erabakitzeari begira Iñigo Urkullu lehendakariak espainiar Estatuarekiko aldebikotasunaren aldeko apustua etengabe egiten duela ikusirik, Madrilekin negoziatzea eta adostea bide bakarra balitz bezala, Pello Urizarrek gogorarazi dio “aldebikotasuna muga gisa ezartzeak Estatuari beto eskubidea ematen” diola. Hala esan dio gaur Legebiltzarrean EAko idazkari nagusiak, negoziazioa eta adostasuna ezinezkoa denean, eta hori espainiar Estatuan bistakoa da, aldebakartasuna irtenbide bakarra delako; bide horri, beraz, ezin zaio atea itxi. Urizarren esanetan, “aldebakartasunari uko egiten badiogu, gure herriaren eskariei ezetz esanez bukatuko zaizkio arazoak Estatuari”.
Urkulluk Legebiltzarrean zein Alderdi Egunean egindako adierazpenak –“elkar aitortzan oinarritutako batasunean sinesten dut”– ekarri ditu gogora EAko buruzagi eta EH Bilduko legebiltzarkideak, eta kezkagarriak direla erantsi du, “lehen gutxienez urtean behin, Alderdi Egunean, independentzia aldarrikatzen zenutelako, baina jada ezta hori ere”. Horri jarraiki, azpimarratu du Urizarrek, “larriena da lehendakariak azentua Espainiarekiko batasunean jartzen duela; agian hori da arazoa, gure herria espainiar markoan ahokatzea bilatzen duela, erabakitzeko eskubideari mugak jarriz”.
Madrilen atea itxita dagoela eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea onartuko lukeen estatus politikoari buruzko akordioa ezinezkoa dela frogaturik dagoela adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak; beraz, “ez dezagun denborarik galdu itxaropen faltsuen zain eta hasi gaitezen gure bidea egiten, muga bakarra euskal jendartearen borondatea izanda”.