Agur eta ohore, gudari zaharra, lagun ahaztezina!
Joseba Elosegi zenaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko dugu bihar. Gizon handia eta abertzale erreferentziala izan zen Elosegi eta ohorea da Eusko Alkartasunako kidea izan izana.
1915ean jaioa, herri honek XX. mendean bizi izan dituen gertakari guztiak bizi izan zituen: 36ko gerra, Gernikako bonbardaketa zuzenean sufritu zuen eta heriotza zigorra ezarri zioten; bere herriaren alde bizitza emateko prest bizi izan zuen diktadura; atzerria; trantsizioa: bere belaunaldiak bizi izan zuenaren ukapenean eta Euskal Herriaren eskubideak ukatzean oinarritu zen trantsizio hori!. Sutsuki bizi izan zuen garai bakoitza, Euskal Herriaren eskubideen aldeko borroka alde batera utzi gabe inoiz, ezta errepresio gordinenaren garaietan ere.
Eusko Alkartasuna jaio aurretik ere, alderdiaren oinarrizko printzipioen adierazle zen Joseba Elosegi. Izan ere, 70. hamarkadan bere ideologiaren zutabeak independentzia eta justizia soziala zirela esaten zuen. Eta hori, egoerak oso gazterik gerran parte hartzera behartuta egon zen gizonaren bakezaletasuna ahaztu gabe; bizia herriaren alde ematera prest egon zenaren bakezaletasuna: bizia eman bai –eta Francoren aurrean bere buruari su eman zionean hala erakutsi zuen-, baina bizia kendu, ezta diktadoreari ere, berak adierazi zuen bezala.
Gaur, jaio zenetik ehun urteetara Joseba Elosegi gogoratu eta aldarrikatu nahi dugu: militantzia kidea, Donostiako Artzain Onean ikurriña jarrita erabat zapalduta zegoen gizarteari ilusioa emateko gai zen laguna, gerra galdu zutenen dignitatea bere batailoiaren ikurriña Armadaren Museotik hartuta aldarrikatu zuen gudari zaharra, frankismoaren osteko urte zaharretan Garaikoetxea lehendakariarekin leialki lan egin zuen militante abertzalea.
Gaur, jaio zenetik ehun urte betetzen direnean, Eusko Alkartasuna osotzen dugunontzat eredu da Joseba Elosegi. Agur eta ohore, gudari zaharra, lagun ahaztezina!