Statu quoa jasangaitza da emakumeontzat. Ez dago egun bat eraso matxistarik gertatzen ez denik. Hauek ez dira, askotan erakutsi nahi den bezala, kasu isolatuak; gizartearen oinarrian dagoen patriarkatuaren ondorio zuzena baizik. Eta emakumeen aurkako erasoak bigarren mailako arazo gisa hartzen ditugun bitartean, ezingo gara justizian eta berdintasunean bizi; are gutxiago herri aske bat garatu.

Emakumeen bizimailan –eta beraz, gizarte osoaren bizitza kalitatean- eragiten duen bortizkeria honek sekulako kostua izateaz gain, giza garapenerako galga itzela da. Oraindik ere azaldu behar da emakumeen aurkako bortizkeria Giza Eskubideen urraketa dela, eta egoera latz hau nahiko beharko luke erakunde guztien lehentasun izateko. Tamalez, gaur da eguna mugimendu feministak, emakume antolakundeak eta aktibistak entzun eta beraiekin lan egin ordez, bizkarra ematen zaiela erakundeetatik. Erakundeen jarrera aldaketa nahitaezkoa da bortizkeria, erasoak, hilketak eta egiturazko ezberdintasunari aurre egiteko.

Emakumeontzat jasanezina den statu quoa aldatzeko, egungo egoeratik guztiz aldenduta dagoen etorkizuna irudikatzen hasi behar gara. Horretan darama urte askotan mugimendu feminista, eta eman dituzte egoera anker hau errotik aldatu dezaketen gakoak; berdintasunean oinarritzen diren aurrekontuak ezarri erakundeetan, egiturazko ezberdintasunak betikotzen dituzten egoerak azpimarratuz, eta hauek desegiteko inbertsioak eginez.

Noski, patriarkatua ez da diru inbertsio soilarekin desagertuko; genero berdintasunean heziak diren profesionalak, feminismoan militatzen duten langileak eta patriarkatua eraisteko lan egingo duten adituak behar ditugu erakundeetan; erakunde publikoetan, epaitegietan, eskoletan, osasungintzan… orain arteko bidea eten, eta benetako berdintasun eta justiziarantz bideratuko dutenak erakundeetako lana eta pertsonen harremana.

Betikoa egiten, betikoa betikotzen dugu. Ezberdintasun egoera hau goitik behera aldatzeko premia larria dugu. Skolae bezalako programak, edo indarkeria matxistaren biktimekin egiten den elkarlana, edo mugimendu feministak aztertzen, lantzen eta plazaratzen dituen aldarriak jasotzeak, adibidez, askoz ahalmen handiagoa du urtean behin bulego itxi baten egiten den erakunde adierazpen batek baino, puntu lilaz jantzitako fatxada batek baino, paparrean janzten den lazo more batek baino.

Dena esanda dago. Ekin diezaiogun bada patriarkatua erakundeetatik erasotzeari eta berdintasunean oinarritzen den gizarte justu, aske eta baketsua eraikitzeari; elkarlanetik, azaroaren 25ik ez behar izateko.

A25 2019 patriarkatari erakundeetatik (2)