Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, igandeko hauteskunde emaitzen balorazioa egin du.

Egunon eta mila esker prentsaurreko honetara etortzeagatik. Hauteskundeen emaitzei buruzko balorazioa egin nahi dugu eta datorren legealdirako lehentasunak zehaztuko ditugu, edo gutxienez legealdi hasierarako.

Igandean lortu genituen 21 jarlekuak oso emaitza ona izan dira. Zalantzarik gabe, ñabardurarik gabe, positiboa benetan. EAEko bigarren indar politiko bilakatu gara, hauteskunde hauetan “denak Euskal Herria Bilduren kontra” leloak funtzionatu duen arren. Hala eta guztiz ere, agerian geratu da berriro herri honen zati handi batek hautu subiranista eta ezkerreko baten alde egiten duela.

Eusko Legebiltzarreko historian, indar politiko guztiok aurkezteko aukera izan dugunean, alderdi batek bakarrik, EAJk, alegia, eskuratu zituen 20 jarleku baino gehiago. Hau da, lehen mailan sartu gara lehenengo saioan.

Emaitzak onak dira, baina are hobeagoa da oraindik gora egiteko aukera dagoela ikustea. Independentziaren aldeko indarrok, EAk eta EHk, 1998an bildu genituen bozkak gehiago izan ziren; beraz, igandeko hauteskundeen emaitzak positiboak izan ziren, baina hurrengoak are positiboagoak izan daitezke.

Halaber, hautestontziek argi eta garbi utzi dute herri honen gehiengo politiko eta soziala abertzalea dela. Nazio nortasunaren ikuspegitik hemen %50 – %50 berdinketa dagoen gezur hori bertan behera geratu da. Abertzaleok gara gehiengoa, gehiengo zabala gainera. Ia bi herenek abertzale bozkatu dute.

Puntu honetara iritsita, azpimarratu behar da orain arte gobernuan egon den koalizioak EAEko herritarren %25a baino ez duela ordezkatzen, gizarte honen gehiengoa abertzalea izanda ere. Honek agerian uzten ditu espainiar demokraziak Euskal Herriarekin zerikusia daukan guztian dituen gabeziak.

Eta beste alde batetik, PSEren kontraesan larria ere agerian utzi du, PSE Jaurlaritzan egon delako, ez zuela gehiengoa ordezkatzen ederki zekien arren. Bai, hautu abertzale argia egin duen gizarte hau izan da PSEk PPren laguntzarekin gobernatu duena: gizarte honen %25ak bakarrik aukeratutako eredua izan da guztiok gobernatu gaituena. Hori, ikuspuntu demokratiko soil batetik, lotsagarria da, eta derrigorrez ordaindu behar zuen PSEk bozetan.

Beste elementu bat ere nabarmendu nahi dugu, garrantzitsua delako eta, hala ere, gure iritziz bigarren plano batean geratu delako. Proiektu subiranista eta ezkerrekoak gora egin du azken urteotan indar konstituzionalistak nagusi izan diren hainbat zonaldetan. Esaterako, Araban. Hori aurrerapauso garrantzitsua da Euskal Herriaren nazio kohesiorako bidean. Herri honek duen erabakitze eskubideaz hitz egiterakoan, inork ezin izango du esan “zer gertatzen da Arabarekin?”. Araban ere gehiengoa abertzalea da. Eta ziur gaude joera hori Nafarroan ere nagusituko dela, han hauteskundeak ez deitzeko aitzakiak agortzen ari baitzaizkiolako Barcina andereari.

Kanpaina osoan zehar esan dugu: nazio ikuspegitik une eta agertoki ezin hobean gaude. Haizea alde datorkigu Quebec, Eskozia eta Kataluniatik erabakitze eskubidea gauzatze aldera urrats erraldoia eman ahal izateko.

Horixe baita bozka abertzalea, eta, baita ere, bake eta normalizazio prozesua ulertzeko modu zehatz bat, inmobilismoak tokirik ez duen modu bat, hain zuzen.

PSEk eta PPk men egiten diete beti Madrilen emandako aginduei, egun pairatzen ari garen neurri antisozialak bultzatzen dituztenean ere bai. Horren harira, bi alderdi horiek jasotako zigorrak argi utzi du euskal gizarteak ezezko borobila eman diola krisiari murrizketen bidez aurre egiten dion politika horri.

Hori dela eta, EAJri, Urkullu jaunari, dei egiten diogu Kataluniari begiratzeko, kontsulta subiranista baterantz aurrera egiteko. Hori bai, arlo sozioekonomikoan PNVren eredua CiU ez izatea espero dugu, hori PPren ereduari jarraitzea litzatekelako.

Emaitzak, errepikatzen dut, onak dira. Hala ere, ez gara autokonplazentzian eroriko. Gizarteak bozetan esan diguna aztertuko dugu. Argi dago Gipuzkoan gehiengo abertzale eta aurrerakoi bat dagoela, eta beraz, emaitzak hobetzeko aukera dago, baina ez dugu alde batera utziko Gipuzkoan gauza batzuk aldatu direla udal eta foru hauteskundeez geroztik, eta jendeak adierazi diguna aztertuko dugu.

Eusko Alkartasunaren iritziz, pasa den igandeko emaitzek indar metaketaren alde egin genuen apustua berretsi dute. Eta bigarrenik, batasun horrek prozesu subiranistan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko zuela esaten genuenoi arrazoia eman digute. Argi dago horrela izan dela, independentzia -eta krisi ekonomikoa, noski- egungo eztabaida politikoaren erdi-erdian kokatzea lortu dugulako.

Alde batetik, uste dugu ezinbestekoa dela arduraz jokatzea sentimendu abertzalea herrian zehar indartsu eta orekatua den une hau alferrik ez galtzeko. Horrelako beste batzuk izan ditugu iraganean, 1987an adibidez, orduan ere hiru herrialdeak abertzaleak zirelako, baina PNVk egin zuen kudeaketak aldatu zuen hori.

Zein da orain agertzen zaigun eszenatokia? Agertoki politiko orokorraz ari naiz, ez instituzionalaz bakarrik. Marko juridiko-politikoa aldatzea eskatu duen gizarteari erantzun behar zaion agertokia dugu. Euskal Herrian eta Euskal Herrirako adostu behar den aldaketa, alegia, gizarteak horrelaxe esan duelako. Ezin dugu ahaztu Estatuan bozkatuena den alderdia, gehiengo osoa daukana, Autonomia Erkidegoan laugarrena dela, bozken %12a ere ez duela eskuratu. Agerikoa da alderdi horrek ez duela euskal gizartea ordezkatzen eta, are gutxiago, ezin dezakeela beto eskubiderik izan.

Aurrera begiratu behar dugu. Euskal gizarteak ingurukoek baino lan gehiago ditu, arlo sozioekonomikoan ditugun beharrei ez ezik, bake eta normalizazio prozesuari ere heldu egin behar diogulako, elkarbizitza normalizatua erdietsi ahal izateko.

Gizarte honen gehiengoak bozka abertzalea aukeratu du, eta hori nabaritu behar da hurrengo Jaurlaritzaren kudeaketan.

Jatorria: EUsko Alkartasuna