Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak adierazi du orain dela unea aldaketan irmoki aurrera egiteko eta, zentzu horretan, bigarren kudeaketa urte honek proiektu eta erronka handien urtea behar duela izan.

2016 urtea bukatzear denean, Eusko Alkartasunatik eginiko ibilbidea oso modu positiboan baloratu dute, bi aurrekontu orokorrak aurrera atera direlarik, justizia sozialean sakontzen duten politikak martxan jarriz eta Erregimenaren murrizketak irauliz. Era berean, hamarkada luzeetako eskuinaren kudeaketari eta bezerokeriari buelta ematea zaila den arren, baikorrak dira etorkizunarekin eta Nafarroa aldaketa sozial eta politikoaren erreferente bilakatzeraino dagoen bidearekin; memoria historikoan aitzindari, tolerantea, anitza, solidarioa, jasangarria, tokiko ekonomia indartsuarekin, ongizate sistema altuarekin eta kalitatezko zerbitzu publikoekin.

Miren Aranoa Nafarroako EAko koordinatzailearen hitzetan, 2017 urtea gakoa izango da Nafarroan aldaketa sakona gauzatuko duten politikak zehazteko. Bere ustez, unea da aldaketan irmoki eta konplexurik gabe aurrera egiteko eta, zentzu horretan, bigarren kudeaketa urte honek proiektu eta erronka handien urtea behar du izan.

Eusko Alkartasunatik programa akordioa indarrean dagoela berretsi dute, aldaketaren ekintza politikoaren abiapuntu gisara eta uste dute aldaketa babesten duten lau indar politikoen arteko akordioa inoiz baino egonkorragoa eta sendoagoa dela. Horren adibide dira onartu diren erreforma eta lege ugariak, gizarte eta kultura eredu berri bat eraikitzeko oinarri direnak. Erreforma fiskala, Oinarrrizko Errentaren legea, Etxebizitza legea, ustelkeriaren aurkako bulegoa, Sexu eta Ugalketa Osasun Dekretua, D ereduaren zabalpena, etab. EH Bilduk, EA barne biltzen duen koalizioak, ezarritako helburuak ziren eta aurrera goaz gutxinaka-gutxinaka.

Hala ere, hartu diren erabaki garrantzitsuen gainetik, EAren arabera lan asko dago oraindik ere legegintzaldi honetan egiteke Nafarroako herritarrek desio duten gizarte eredu berriari forma emateko. Miren Aranoa koordinatzailearen esanetan ezinbestekoa da beldur gehien sortzen duten gaietan ere aurrera egitea, besteak beste, Euskaren Legea berria, Ikurren Legea eta Nafarroaren Estatusa, beti ere jarrera ireki, parte hartzaile, eraikitzaile eta pluralarekin.

Zentzu horretan, gogoratu du baita ere Nafarroak duen subiranotasun ekonomiko urria, bi urte baitdaramatza hitzarmen ekonomikoaren oinarrizko urtea luzatuta. Aranoak ulertzen du beharrezkoa dela Nafarroak ahots indartsua izatea hitzarmen ekonomikoaren negoziaketetan, uste baitu foru komunitateak badituela arrazoi nahikoa egun Estatuari egiten dion ekarpena gehiegizkoa dela defendatzeko. Zentzu horretan, dei egiten die indar politiko guztiei bidea eskutik helduta egitera, autogobernuaren eta ongizate sozialaren defentsan.

Ondorioz, Eusko Alkartasunatik pozik agertu dira aldaketaren Gobernutik orain arte eman diren pausoekin, baita udaletan ere, Iruñea buru, eta anbizioa erakutsi dute plan eta erreforma handiak aurrera ateratzeko, adibidez, Tokiko Maparena. EH Bilduk aldaketaren motore gisara egin duen papera nabarmendu nahi izan du halaber, aldaketa sozialarekin duen konpromisoarekiko leial, eta jarrera arduratsu, serio, eraikitzaile eta eraginkorrarekin.

Aranoaren esanetan erakundeen kudeaketan parte hartzen duten indar politiko anitzak diren egungo aberastasunik handiena eta Nafarroako gizartearen izaera pluralaren isla. Erregimaren traba eta jarrera erasokorraren gainetik, elkarrizketa eta adostasunen esperientzia horrek sendotasuna eta egonkortasuna ematen die akordioei Aranoaren ustetan.