Cesar Arrondo Gaur, apirilaren
26a, 65 urte bete dira Alemania naziko abiazioak Gernika euskal hiriaren aurka
ia erabat suntsitu zuen bonbardaketa egin zuenetik. Eusko Jaurlaritzak egindako
estatistiken arabera 1.654 lagun hil ziren; ofizialismo frankistak egindako
txostenak, berriz, soil-soilik 12 hildakoren berri eman zuen. Egun hartan, astelehen
guztietan bezala, Gernikako hiribilduan 60.000 lagun inguru prestatzen ari ziren
azoka egiteko. Baserritarrak bertara joanak ziren beren produktuak saltzeko.
Arratsaldeko 16:00etan, inguruko elizetako kanpaiak jotzen hasi ziren aire-bonbardaketa
bat gertatzear zegoela ohartarazteko. Jendea lasterka joan zen propio eraikita
zituzten babeslekuetara; aldi berean, ordea, Heinkel III aireko batek sei bonba
bota zituen hirigunean. Tarte bat igaro ondoren, jendea airekoen aurkako babeslekuetatik
ateratzen hasi zen, arriskua amaitua zela sinetsita. Baina, hain zuzen ere,
orduantxe igaro ziren hiribilduaren gainetik 52 Junker hegazkin aurrez pentsatutako
sarraskia egiteko. Kalkuluen arabera, 50 bat tona lehergai bota zituzten airekoek
bigarren eraso horretan, eta ia hiri osoa suntsitu zuten. Zorigaiztoko lana
osatzearren, gainera, beste Heinkel III aireko batzuek herritarrak metrailatu
zituzten, beren burua hiri hondatu eta sutan zegoenaren erdian ikusteak eragindako
izu-laborritik etsi-etsian ihes egiten ahalegintzen ari zirela.
Zergatik Gernika?
Euskal Herriko hiri hori erresistentzia errepublikanokoa zen, eta, beraz, 1936ko
ekainean Afrikako iparraldean matxinatu ziren faxistei bidea galarazten zien.
Gernika, gainera, bertako juntetxea eta haritza zirela-eta, euskal nazioaren
sinbolo bat zen, eta antzinatik bertan egiten zen euskal legeen eta foruen zina.

Dudarik ez dago
aire-erasoaren helburua errepublikanoak eta euskal nazionalistak adoregabetzea
zela. Picasso margolari famatuak zorigaiztoko gertaera hura Gernika margolan
ospetsuan betikotu zuen, eta bertan diktadura frankista egitera ausartu zena
sinbolizatu baino ez zuen egin.
Egun, 65 urte
geroago, Espainiako Gobernuko buruak, Jose Maria Aznarrek, alderdi politikoei
buruzko lege bat bidali du Gorteetara, argi eta garbi inkonstituzionala bezain
antidemokratikoa dena. Arau horren helburua, oraingoz, Batasuna euskal alderdi
politikoa legez kanpo jartzea da. Alderdi horrek (nazionalista ezkerrekoa) ordezkaritza
garrantzitsua lortu du Euskal Herriko hauteskundeetan, eta hainbat kargu betetzen
ditu Euskal Herriko sistema politikoaren egitura maila guztietan. Baina legeak,
berez, beste helburu bat du: legezko tresna bat izatea Madrilek nahi duenean
arriskuan jartzeko Estatuan izan daitekeen edozein adierazpide nazionalista.

Orain, Batasunaren
txanda da; bihar, Eusko Alkartasunarena, Aralarrena, Zutik-ena, Kataluniako
alderdiena, Galiziakoena edo Eusko Alderdi Jeltzalearena izan daiteke.
Ez da garaia bestaldera
begiratzeko, orain niri egokitu ez zaidalako. Batasuna babestea, askatasuna,
demokrazia eta aniztasuna babestea da; are gehiago, ikuspegi subjektiboagoa
erabilita, euskal nazionalismoa eta estaturik gabeko herrien eskubide historikoak
ere babestea da. Aznarrek eta nazionalismo konstituzionalista espainolak proposatutako
egoera horren aurrez aurre, etengabeko mobilizazioa bermatu behar da, eta Espainiako
Gorteei proposatutako legearen arriskuak nazioarteko foro guztietan salatu behar
dira, are NBEn ere.
Ez da duda egiteko
garaia, ez eta alderdiek edo sektoreek zikoizkeriaz jokatzekoa ere; egun, 2002ko
apirilean, honako hau baino ez da kontuan hartu behar: «Bonbek Gernikan
erortzen jarraitzen dute».

Jatorria: Eusko Alkartasuna