Eusko Legebiltzarrera iritsi dira gaur duela 65 egun greban dauden Tubacexeko langileak, eta Kontrolerako Osoko Bilkuran Tubacexen enplegua defendatzeko zer egingo duen galdetu dio EH Bilduk Lakuako Gobernuari. Eba Blanco, Eusko Alkartasunako buruzagi eta Ganberako bigarren presidenteordeak adierazi duenez, Exekutiboak ezin dio Aiaraldean bizitzen ari diren egoerari “inhibizioarekin, enpresaren tesiekin baldintzarik gabe bat egiten eta bide polizialetik” erantzun.
“Aiaraldea hil egiten ari da”, esan du legebiltzarkideak, eta Tubacexen kaleratzeei Valvospain itxi berri dutela -80 pertsona kale gorrian utzita- gehitu behar zaiola gogoratu du: “Eta 100 enpresa laguntzaile baino gehiago, autonomoak eta garraiolariak ere kaltetuak izango dira, baita auzoko dendak eta ostalaritza, ere, azken horiek azkenaldiak dituzten arazoekin gainera”. “Pertsona eta familia ugari benetako dramak bizi dituzte”, esan du giza faktorea azpimarratuz.
“Covidaren krisiak sortutako egoerari ezin zaio kaleratzeekin eta langabeziaren suntsiketarekin erantzun”, adierazi du Blancok, eta Tubacexeko sektorea “ziklikoa” dela gogoratu du: “Urte batzuetan irabazi handiak izaten dituzte eta beste batzuetan galerak”.
Blancok Ertzaintzaren jarrera ere aipatu du: “bere betebeharretatik haratago joan da eta gehiegikeriaz zikindu da sarri”.
Blanco 1